XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen sustapena: lehenago ere esan denez, ez dira oso ugariak Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek osagarritasun-irizpidearen arabera elkarlanean bideratzen dituzten egitarauak, nahiz eta, maiz askotan, jardun-esparru bereko edo beretsuko euskara-elkarte eta erakundeekin lan egiten duten.

Horrela, nekeza da aipatutako elkarte horiek dituzten egiazko premien berri zehatza izatea eta horiei emaniko dirulaguntzen jarraipenik egokiena egitea.

Beraz, ezinbestekoa da, toki eta maila desberdineko erakundeen berezitasunak berezitasun, elkarren arteko koordinazioa hobetzea bai eta inguruan dituzten herri- edo euskara-elkarteekiko harremanak egun baino era koordinatuagoan bideratzea ere.

Administrazioak finkatu egin beharko luke zeintzuk diren estrategikotzat (eta, beraz, ezinbestez sustatzekotzan jotzen dituen jarduera-esparru, ekimen edo elkarteak, bai euskalgintzan eta baita gizarteratze-eremuan ere.

Behar-beharrezkoa da, Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak horretarako proposamena lantzea, gehienez ere urtebeteko epean.

Corpus-plangintza eta hizkuntzaren industriak: Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmena euskararen corpusa bildu, landu eta gizarteratzeko herri-aginteek izan duten kezkaren erakusle egokia da.

Aldi berean, herri-erakundeek euskalgintzan diharduten bestelako erakunde eta elkarteekin duten harremana antolatzeko bide-erakusle aparta da.

Izan ere, Euskaltzaindiarekin aurrerapauso handiak eman diren arren, terminologian, toponimian, oinarrizko erreferentzia-obretan, euskarazko katalogazioan edota euskara lantzeko hizkuntzaren industrien garapenaz aritzean ez dira tamaina horretako urratsak eman.

Beraz, alor hauetan herri-aginteen politika zehazteko eta norabide berean jartzeko urratsak eman beharko lirateke.

Egin den azterketa-lanak, bestalde, honako beste ondorio hau ere begi-bistan jarri du: euskararen erabilera normalizatzeko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak lehenetsitako helburuak gauzatzeko ezinbestekoa dela, datozen urteotan, egungo baliabideak, urtez urte, haztea.

Izan ere, egungo giza eta diru-baliabideei ahalik eta etekinik onena ateratzeko erakundeen arteko koordinazioa hobetzeak ez baitu ekarriko berekin datozen urteotarako lehenetsi diren erronka berri nagusiei aurre egiteko behar besteko oinarrizko baliabiderik.

Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak prestatu beharko luke, gehienez ere urtebeteko epean, gutxieneko giza baliabideei eta aurrekontu arruntekiko diru-proportzioei buruzko proposamen zehatza.